Pyrénées-Atlantiques - Le territoire

Hemen, Pirinioak Atlantikoak dira

JITEA ETA XARMA

Mendeetako hatsa

Pirinio Atlantikoen iragana mendeetako hats luzearen eraginpean da. Isturitzeko lezeak, Neandertalen bizileku izan zirenak, mendizoletako harrespilak eta abar, historiaurreko gizakiek utzi dizkiguten lehen zibilizazioen aztarnak ditugu. Gaston Fébus-ek eta Henrike IV.ak, besteak beste, Frantziaren goi-gradora eraman dute beren izena eta Bearnorena. Compostelako Donejakue bideek trabeskatzen dute departamendua eta eraikuntzetan ere ondare handia dauka, batez ere Erdi Arokoa. Ospitalepeko erromatar eliza Unescoren mundu ondare gisa sailkatua da eta bertako ondare preziatuenetako bat da.

Kulturen indarra

Hemen bi kultura indartsu bizi dira,  denboraren gainetik beren oroimena atxiki duten bi herri, beren ohiturak eta hizkuntzak begiratuz folklore artifizialetik urrun. Euskaldunak eta bearnesak zorte berean kokatuak dira, elkarri loturik, lurralde baten partekatzen, elkarren eite eta berezitasunen errespetuz. Zuberoko pastoralak, Bearnoko ihauteria, mendateetako ohiko ehiza edota pilota partida abestuak, denak ditugu erro sendoetan bizitzeko asmo tinko baten adibideak. 

Alabaina, gure departamenduak badu ere Baionako eszena nazionala, nazioartean ospea duten bi orkestra, fama handiko ballet sendo bat... Kultura biziaraztea eta hedatzea, lurraldean eta hemendik haratago bizi direnentzat, horra gure asmoa. «Agenda» atalean aurki ditzakezue animazio guztiak.

Kirolaren kultura

64a maila goreneko kirolarien lurra dugu. Errugbiko hiru klub indartsu ditu: Aviron bayonnais, Biarritz Olympique eta Paueko  Selekzioa; horietatik, betidanik sortu dira nazioarte mailako jokalariak. Europako saskibaloiaren elitean ere idatzia du departamenduak bere izena, Paue-Orthezeko klubaren balentriari esker, gaurko egunean, jadanik bederatzi aldiz izana baita Frantziako txapelduna eta Europako Korac kopa ere irabazi baitu. Eskubaloia ere tinko errotua da herriaren kulturan. Pilotaren eta zezenketaren herrialdea da, eskiaren eta surfarena: herrialde honetako seme batek, Tony Estanguet-ek hiru aldiz gidatu du bere kanoa Olympiako urreraino. Pirinio Atlantikoak golf lurralde dira ere, historian zehar. Kontinenteko golf green zaharrena Billère hirian sortu zuten, 1856. urtean, ingelesek bultzaturik; euskal kostaldeak, berriz, ibilbide ederrak eskaintzen ditu, itsasoari so. Azkenik, departamendu hau Frantziako lehenetariko bat da zaldi hazkuntzan. Zaldi lasterketetarako Frantziako entrenamendu zentro nagusietako bat ere da.

Goi mailako kirolak herri jardunean du oinarria eta gainera bizimodu hau bizitzeko artea da. Pirinio Atlantikoetan, sei biztanletarik batek kirol klub bateko lizentzia du.

Bouton Haut de page